Iberdrolaren Akziodunen Batzarrean Garoñaren kontrako Foroko kide batek estatu espainiarreko zentral guztiak ixtea eskatu du

2018-04-16

Egunkari gehienek ez dute jaso pasa den apirilaren 13an Bilbon egin zen Iberdrolaren Akziodunen Batzarrean akziodun txikiek egindako ekarpen eta salaketak. Ez omen zen garrantzitsua txikien iritzia jasotzea. Horrela informatzen gaituzte.

Hitz egin zutenetako bat gure Foroko kide bat izan zen. Gai batzuk azaldu zituen, besteak beste:

- Garoña berandu ixteagatik akziodunek 300 milioi euro galdu dutela.

- Eraispena auditatzeko eta erakunde ekologistek ikuskatzeko beharra dagoela.

- Cofrentesen iaz egondako istripu larria, balbula bat apurtu eta bere hondakinak uranio barretaraino heltzeko arriskua egon zelako.

- Estatuko 5 zentralak ixteko beharra (Vandellos, Asco, Cofrentes, Trillo, Almaraz), istripu larri bat geratuz gero, ohiko kalte guztiez gain, Iberdrolaren etorkizuna kolokan jar daitekeelako eta enpresaren akzioak “zarama akzio” bihurtzeko arriskua dagoelako.

- Zentral nuklearren arrisku maila instalazio industrialen handiena dela, 250 zentraletatik 1ean istripu larria gertatu delako. Ehuneko bera igogailuetan gertatuko balitz, minuturo istripu bat hildakoekin izango genukeela.

- Txernobilen eta Fukushiman 200.000 hildako, 500.000 desplazatu eta orain arte 680.000 milioi euroko galerak egon direla.

- Orain dela 30 urte alarmistak ginela esaten ziguten istripu larriak egon zitezkeela eta hondakinen arazoa konpondu gabe zegoela esaten genuelako. Eta utopikoak ginela esaten ziguten berriztagarriekin energiaren %100 lortu ahal zela esaten genuelako. Ostiral honetan zera esan genien: utopikoak haiek zirela istripurik ez zela egongo esaten zutelako. Eta alarmistak haiek zirela berriztagarriekin energiaren %100 lortu ahal dela ikusten dugulako. Beste zera hau ere esan genien, ez dugula ahaztu botatzen ziguten esaldia: “edo nuklearrak edo azak”.

Eta beste hau ere gogoratu genien: eta Lemoizen Fukushimakoa edo Txernobilekoa gertatu izan balitz?

Denborak arrazoia eman digu, oso-osorik.