Ez-eskerrik-asko-estreinaldia-zinebi/
1979ko ekainaren 3an, guardia zibil baten tiroak Gladys del Estal gaztea hil zuen Tuteran. Mugimendu antinuklearrak aldarrikapen festa deituta zuen han Energia Nuklearraren aurkako Nazioarteko Jardunaldiaren barruan, Harrisburgeko (AEB) zentral nuklearrean izandako istripu larriaren ondoren. EiTBren laguntza duen Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentalak 60 minutu inguruan azalduko du nor zen 23 urteko neska hura, eta nolakoak izan ziren gertakariak. Horrez gain, Euskadin eta Europan bere heriotzaren aurretik eta ondoren izandako gertaerak ere jasoko ditu.
Gladys del Estal, 1951tik martxan dagoen Bardeetako tiro-poligonoaren aurkako protestetan hil zuten, Espainiako Gobernuak Soto de Vergaran (Arguedas eta Tutera artean) zentral nuklear bat eraikitzeko proiektua esku artean zuen garaian. Gladys hil baino hilabete batzuk lehenago, istripu bat izan zen Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) zentral nuklearrean, eta horrek zutik jarri zuen Europako mugimendu ekologista. Gladys del Estal Ferreño Donostiako Egia auzoan bizi zen, programatzaile informatikoa zen eta bere lana Kimika ikasketekin uztartzen zuen. Militante ekologista ere bazen, eta, horregatik, ekainaren 3an Tuterara joan zen, Batzorde Antinuklearren deiari erantzunez.
Egun horretan, Guardia Zibila bortizki sartu zen Prado pasealekuan, aurretik baimendutako ekitaldi baketsuaren kontra. Gladys hilik eraman zuten ospitalera, buruan emandako tiro baten ondorioz. Tiro egin zuen agenteari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, heriotza eragin zuen zuhurtziagabekeri delitu batengatik.
(jarraitzen du)