Arabak Garoña itxi nahi du

2016-03-16

Martxoak 19

12:00etan

Probintzia Plaza. Gasteiz

 

ARABAKO BBNN-k GAROÑAKO ZENTRAL NUKLEARRA BERRIZ ZABALTZEAREN AURKA  DEITUTAKO DEIALDIAREN AURREAN:

GAROÑAREN KONTRAKO FOROAK larunbat honetan 12.00etan Probintzia plazan egingo den Garoñaren berrirekieraren aurkako ekitaldiari   gure atxikimendua adierazi nahi diogu.

Arabar jendarteak urte asko daramatza Garoña behin betiko ixteko aldarrian, are gehiago bere bizitza eta ustiapen epea amaitu denean. Bada garaia herritarrak arriskuan jartzen dituen joko makabro honi amaiera emateko. Herritarrek argi utzi dute gaur egun bestelako alternatiba jasangarrioagoak badaudela.

Iberdrola eta Endesaren burugogorkeria salatu nahi dugu, haien irabazi ekonomikoa gauza guztien aurretik jartzen dutelako, baita, herritarrek hondakin, isurtze, arrisku, kutsaduraerradiaktiborik gabe bizitzeko duten eskubidearen gainetik.

Zentral zaharkitu eta arriskutsu hau berriz zabaltzeko dauden ezkutuko interes politikoak salatu nahi ditugu: ate birakarietan bukatu ohi duten joko zikinak erabiliz, neurrira egindako lege moldaketak burutu dituzte, helburu bakar batekin: beste 17 urtetarako arrisku eta sufrimendua dakarren berrirekiera bermatzeko. Noiz arte jarraituko dute gure etorkizunarekin jolasten? Txernobilen edo Fukushiman bezala haien eskuetatik ihes egin arte?

Mehatxu larri hauen erantzulea den gobernua  (orain behin-behinekoa gainera) salatu nahi dugu, mesedeak itzultzeko eta betiko dirudunak aberasten jarraitzeko saiakeran diharduena, beti bezala, herritar xumeen miseria eta segurtasunaren truke. Era berean, alderdi politikoei ere mezu argia bidali nahi diegu: amets gaixto hau behingoz amaitu dadin ahalegin zintzoak eta ausartak egin ditzaten. Eta ATZERA EGIN EZ DEZATEN azken erabakia hartzeko orduan.

GAROÑAREN KONTRAKO FOROTIK herritarrak IBERDROLA edo ENDESAtik ospa egin dezaten (Garoñaren berrirekiera errefusatzen dugula jakinaraziz) eta ENERGIA EZ NUKLEARRA saltzen duten enpresa batera joan daitezen animatu nahi ditugu, milaka euskal familia eta Arabako zenbait udal eta kontsejuek jada egin duten bezalaxe. GKF-tik, konpromiso hau sustatzeko tresnak eskuragarri jartzen ditugu zentzu horretan:(www.garonarekinmoztu.net).

LORTU, LORTUKO DUGU!!!.