Eguzki zerga bertan behera geratu da!!!

2018-10-15

Urriaren 5ean estatu espainiarrean albiste poztagarria izan zen transizio energetikoa laguntzeko. Autokontsumoa zigortzeko PPk jarri zuen "eguzki zerga" deritzona bertan behera geratu da

https://www.berria.eus/paperekoa/1877/012/001/2018-10-06/argindarraren_autokontsumoa_zigortzeari_utziko_dio_espainiak.htm

Argindarraren prezioa finkatzeko sistema goitik behera aldatu bitartean, salneurria txikitzeko urrats txikiak egin ditu Espainiako Gobernuak. Sei hilabetez ez du argindar sorkuntzaren gaineko zerga kobratuko, eta hidrokarburoen gaineko zerga berezia ere kenduko du, ikatza eta gasa errez elektrizitatea sortzen duten zentralek beren produkzio kostuak jaisteko. Gainera, argindar merkeagoa bermatzen duten bonu sozialak beste talde batzuei zabaldu dizkie. Neurri deigarrienak, ordea, epe motzean baino epe luzeagoan izan dezake eragina: eguzkiaren gaineko zerga ezabatzea. Hots, argindarraren autokontsumoa zigortzen zuen tasa kendu egingo du.

2015eko urrian jarri zen indarrean eguzkiaren gaineko zerga izenekoa. Haren bidez, hamar kilowattetik gorako ekoizpeneko instalazio elektrikoa zuenak zerga bat ordaindu behar zuen, betiere argindar sarearekin konektatuta izan nahi bazuen. Autokontsumorako tresna nagusia plaka fotovoltaikoa izanik, sarera konektatzeko arrazoi nagusia zen eguzki beteko egunetan argindarra sobran izatea. Zerga sarera konektatzeagatik ordaintzen zenez, erabateko autokontsumoa egiten zutenek ez zuten eguzkiaren gaineko zergarik ordaintzen. Berez, sektoreko iturriek azaldu dute ekoizle txiki askori ez dietela zergarik ezarri, eta batez ere 100 kilowattetik gorako ekoizpena zuten instalazio handiagoek ordaindu dutela tasa. Horrek azal dezake zergatik soilik mila lagun azaltzen diren autokontsumitzaileen erregistroan; Alemanian, berriz, milioi batetik gorakoak dira.

(jarraitzen du)