Garoñaren eraispena kontrola dezagun

2017-11-01

Garoñaren eraispena kontrola dezagun

Eraispena iraungo duen 10-15 urte hauetan ez dadila Ebrora beste isurketa erradiaktiborik egin eta hondakinak ez daitezen bertan geratu

Lehenengo borroka irabazi ondoren (Garoña betiko ixtea), orain bigarrena dator: eraispena. Foroak eraispena ziurtasunez eta gardentasunez egitea eskatzen du. Ziurtasuna, ihes erradiaktiborik ez egoteko behar diren ekintza guztiak egin daitezen, hemen ezin delako akatsik egin, herritarren osasuna eta gure baliabideen etorkizuna jokoan dugulako. Eta gardentasuna, inguruko herritar guztiok eraispena behar bezala egiten ari dela ikusi nahi dugulako.

Eraispenak 10 urte baino gehiago iraun dezake eta kostua 600 milioitik gorakoa izan daiteke eta hortik Iberdrolak eta Endesak 150 baino ez dute ordainduko, gainerakoa herritar guztion lepora izango delarik (beste bidegabekeria bat gehiago). Horregatik prozesu luze horretan jarraipena egitea ezinbestekoa da, zaindu behar duen erakundeak, CSNk, beti interes nuklearren alde jokatzen duelako, Garoñari baimena ematean ikusi genuen moduan.

Horretarako, Garoñaren kontrako Foroak eskatu du Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak sortuko duten batzordean parte hartzea jarraipen lanetan laguntzeko, eta batzorde horretan inguruko udalak, beste herri mugimendua eta talde ekologistak ere egotea garrantzitsua da. Hiru gauza eskatuko ditugu:

  • Aldundiak/Jaurlaritzak Ebron aldian aldiko kontrolak egitea, isurketa erradiaktiborik egon ez dela ziurtatzeko, inoiz gertatu izen den moduan.
  • CSNren webgunean egin beharreko lanen informazio osoa jartzea (datu teknikoak, epeak, kontrol txosten motak eta maiztasuna…) lanak egin baino lehen, eta egin diren lanen datuak.
  • Hondakinak bertan ez uztea.

Garoña gelditzeko hainbat urte lan egin ondoren, lehen Lemoizekin egin genuen moduan, bi gauza argi geratu dira: lehenengoa herritarrek ez dutela energia nuklearrik nahi, garestiena eta arriskutsuena delako, eta bigarrena, denak batuta joanez gero, oligopolio elektrikoari irabazi ahal diogula. Horregatik, horiek ikusi ondoren, dei egiten diegu herritarrei, udalei eta erakundeei elektrizitate nuklearrik ez erosteko, espainiar estatuan zentral nuklear zaharkituei bizitza luzatu nahi dietelako eta Garoña eta Lemoiz itxi ondoren, gure oraingo lana da beste herrialdeetako energia nuklearrik ez erostea eta eredu energetikoa aldatzea. Iparraldean monopolio elektriko nuklearra dago baina Hegoaldean Iberdrola eta Endesatik alde egin dezakegu eta energia berriztagarriak saltzen duten enpresetara edo kooperatibetara pasatzera animatu nahi zaituztegu.

Azkenik Garoñaren inguruetan lanpostuak sortzen laguntzeko eskatu nahi diegu administrazioei, orain arte ez delako arlo horretan ezer egin. Eta zentrala egon zen lekuan, energia berriztagarrien instalazioaren bat jartzea, eguzkitiko instalazio bat adibidez.

Garoñaren kontrako Foroak ingurumena babesten jarraitu nahi dugu eta horretarako eredu energetikoa aldatzea ezinbestekoa da. Zeregin horretan elkarlanean jarduteko dei egiten diegu gai honetan interesatuta dauden norbanako eta kolektiboei gurekin harremanetan jartzeko eta  batera aritzeko (garonarenkontrakoforoa@gmail.com)

2017ko azaroaren 2an

Garoñaren kontrako Foroa